hondakin erradioaktibo

1. Ingur./Teknol.

Legez onartutako muga-balioak baino erradioaktibitate handiagoa duen hondakina. Zentral nuklearrek sortzen dituzte bereziki, baina gai erradioaktiboak erabiltzen dituzten enpresa, arma-industria, ospitale eta abarrek ere bai. Hondakin solido, likido edo gaseosoak izan daitezke, eta erradioaktibitate-mailaren arabera sailkatzen dira, aktibitate txiki, ertain eta handikoetan. Igortzen dituzten erradiazio ionizatzaileak arriskutsuak dira bizidunentzat.

1. Ingur./Teknol.
Legez onartutako muga-balioak baino erradioaktibitate handiagoa duen hondakina. Zentral nuklearrek sortzen dituzte bereziki, baina gai erradioaktiboak erabiltzen dituzten enpresa, arma-industria, ospitale eta abarrek ere bai. Hondakin solido, likido edo gaseosoak izan daitezke, eta erradioaktibitate-mailaren arabera sailkatzen dira, aktibitate txiki, ertain eta handikoetan. Igortzen dituzten erradiazio ionizatzaileak arriskutsuak dira bizidunentzat.

Hondakin erradioaktiboak Edit

Egilea: Elhuyar

HONDAKIN ERRADIOAKTIBOAK

Hondakin erradioaktiboen iturburu nagusia zentral nuklearrak dira; zehazki, erregai nuklearraren zikloan sortzen direnak, batez ere erregaia agortutakoan Arma nuklearrak fabrikatzean eta deuseztatzean sorturikoak ere kontuan izan behar ditugu. Hondakin erradioaktibo guztien % 90 baino gehiago sortzen da bi jarduera horietan. Horiez gain, isotopo erradioaktiboen produkzioa, ikerkuntza, medikuntza eta industria hondakin-iturri dira.

Sailkapena

Hondakin erradioaktibo motak bereizteko bi irizpide erabiltzen dira. Batetik, erradioaktibitate-maila edo aktibitatea. Horren arabera egiten den sailkapena aldatu egiten da estatuz estatu. Europako Batasunean erabiltzen den sailkapenaren arabera, aktibitate handiko, ertaineko eta txikiko hondakinak daude. Bestetik, iraupena, hau da, hondakinek erradiazioa igorri eta kaltegarri izaten jarraitzen duten denbora (erdibizitza). Erradionukleidoen erdibizitza segundo-zati txiki batetik bilioi bat urtera artekoa izan daiteke; erdibizitza zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta bizkorrago desintegratzen da isotopoa.

Horrenbestez, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak (EANE) bost taldetan sailkatzen ditu hondakin erradioaktiboak: alde batetik, iraupen luzeko aktibitate handia, ertaina edo txikia dutenak, eta, bestetik, iraupen laburreko aktibitate ertaina edo txikia dutenak.

Kudeaketa

Erradioaktibitate-mailaren arabera, hondakinak desberdin kudeatzen dira. Aktibitate txikiko hondakinak lurrazaleko edo lurrazaletik hurbileko biltegietan kokatzen dira, edo meategi zaharretan. 200-300 urte kontrolpean egon behar dute. Hondakin hauen kudeaketak adostasun zabala du zientzialarien artean.

Erradioaktiboagoak diren hondakinak, berriz, ongi isolatu behar dira. Aktibitate handiko erregai agortua epe luzera kudeatzeko bi modu daude: ziklo irekia eta ziklo itxia.

Ziklo irekian, erreaktoretik deskargatzen den erregai agortua milaka urtetan isolatuta eduki beharko da, nukleo ezegonkorren kopurua arbuiagarria izan arte. Behin betiko isolatu aurretik, hiru urrats jarraitu behar dira:

  • Desaktibazio-urmaeletan biltegiratzea, bizitza laburreko isotopoak desintegratu arte.

  • Bitarteko biltegiratzea: erradioaktibitatea eta, beraz, hondar-beroa txikitu egiten dira, eta hondakinak behin betiko biltegiratzeko prest geratzen dira

  • Hondakinak kapsuletan sartzea: urrats hau erabat definituta eta ikertuta badago ere, oraindik ez da inoiz burutu. Egiten denean, erregaia kapsula batean sartu eta, hortik aurrera, aktibitate handiko hondakin erradioaktibo gisa tratatu behar litzateke. Aurrerago ikusiko dugunez, konpondu gabeko arazoa da hori oraingoz, baina badira zenbait proposamen.

Ziklo itxian, berriz, erregai agortua mekanikoki eta kimikoki tratatzen da, geratzen diren uranio eta plutonioa fisio-produktuetatik eta produktu transuranidoetatik bereizteko. Plutonioa eta uranioa berriro erregaia egiteko erabiltzen dira.

Aktibitate handiko hondakinen behin betiko kokapena dela eta, arazoa konpondu gabe dago (gaur egun aktibitate handiko hondakin guztiak behin-behineko kokapenetan daude). Zenbait proposamen egin dira horretarako Azken hamarkadetan lan handia egin da nukleo ezegonkorrak nukleo egonkor bihurtu edo nukleoen erdibizitza laburtzeko. Erreakzio edo erreakzio-segida horri transmutazio deritzo. Hala ere, oztopo tekniko eta ekonomiko ugari gainditu behar dira, eta oraindik ez da gauzatu.

Proposatu den beste prozedura bat hondakinak behin betiko geruza geologiko sakonetan isolatzea da, berreskuratzeko aukerarik gabe.

Azken urte hauetan asko zabaldu den beste proposamen bat hondakinak lurrazalean bilduta gordetzea da. Kasu horretan, hondakinak mugarik gabe kontrolpean egongo lirateke. Hartara, hondakin erradioaktiboen arazoa atzeratu egingo litzateke, teknologiaren aurrerapenak konponbide egokiagoa ahalbidetu arte edo ondorengo belaunaldiek hondakin horiekin zer egin erabaki arte.